KULTURAREN PARTE




EUSKAL KANTAGINTZAKO PERTSONAIA 

GARRANTZITSU DESBERDINAK


MIKEL LABOA
Mikel Laboa Mantzizidor (Donostia, Gipuzkoa, 1934ko ekainaren 15a - Donostia, 2008ko abenduaren 1a) euskal kantari eta musikagilea izan zen. Hainbat edituren ustez, XX. mendeko euskal abeslari esperimentatzaile, ezagun eta eraginkorrenetarikoa izan da, bere oihartzuna gure mugetatik kanpora ere zabaldu zuena. Bernardo Atxaga idazleak dio tradizioa eta abandoardia uztartu zituela, Gabriel Aresti, Jorge Oteiza, Eduardo Txillida edo Koldo Mitxelena egileen pare. 

Hiru zutabek osatzen dute Mikel Laboaren kantagintza: kantu tradizionalen berreskuratzeak, poeta garaikedeen hitzen musikatzeak eta lekeitioak deituriko kantuen esperimentazioak. Osagai horiekin, Laboa euskal musikagintzaren erreferentzia handienetakoa izan da 1960ko hamarkadatik hona. Ez Dok Amairu taldearen sortzaileetakoa eta euskal kantagintzaren berritzaile nagusietakoa izan da, eta euskal herritarren artean errespetu eta miresmen itzela du haren lanak. 

Bere diskoen artean, 1974ko Bat-hiru da arrakastatsuena, jada eusko ereserki bihurtu diren hainbat kantekin (bereziki, Txoria txori). Disko hura "Euskal Herriko historian izan den diskorik hoberena" izendatu zuten Diario Vasco egunkariak eginiko bozketa batean. 







LOURDES IRIONDO
Lourdes Iriondo Mujika (Donostia, 1937ko martxoaren 27a - Urnieta, 2005eko abenduaren 27a) euskal kantaria izan zen. Urnietan bizi izan zen txikitatik. "Ez Dok Amairu" taldearen kidea izan zen hasieratik. Xabier Lete kantari ezagunarekin ezkondu zen. Abeslari moduan izan zen ezaguna batez ere, baina idazlan batzuk ere argitaratu zituen. 







AMAIA ZUBIRIA
Amaia Zubiria (Donostia, Gipuzkoa, 1947) euskal abeslaria da. Euskal Abestigintza Berriak emandako emakumezko abeslaririk garrantzitsuena. Haizea talde aintzindariko kantariak, 30 urteko ibilbidean, bakarkako lanak eta beste musikariekin osatutako egitasmoak tartekatu ditu. Kantaera dotore eta sakonaren jabe izanik, ez da harritzekoa haren ahotsa hainbat filmetan eta beste hainbat euskal artistaren diskoetan entzutea. 

Neskato zen ezkeroztik abestigintzarako giroa eta zaletasuna ezagutu zituen, batez ere amaren aldetik. Gazte-gaztetatik hainbat txapelketetan parte haru zuen, baina bere ezkontza goiztiarrak jendeaurreko agerpen eta grabazioetatik at utzi zuen aldi baterako. Txomin Artolarekin hiru disko argitaratu zituen, Pascal Gaignerekin ere beste hiru, horien artean 1985ean Egun argi hartan izenburukoa. Bakarrean hamabi disko argitaratu ditu. Zubiriaren abestien oinarrizko gaiak hauek dira: maitasuna, galera, malenkonia, herrimina, transzendentziaren bilaketa eta gai herrikoiak. 






XABIER LETE

Xabier Lete Bergaretxe (Oiartzun, Gipuzkoa, 1944ko apirilaren 5a - Donostia, 2010eko abenduaren 4a) euskal idazle, poeta eta kantari eta polikitaria izan zen. 

Gazterik hasi zen idazten, eta bere artikuluak ohiko bihurtu ziren Zeruko Argia aldizkarian. Euskal Kantagintza Berriko partaide nagusietarikoa izan zen: 1965ean, Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Joxean Artze, Jose Angel Irigarai eta Lourdes Iriondorekin batera, abian jarri zuen Ez Dok Amairu taldea. Sasoi haiek gogoan, hau esan zuen Letek: "Kantarien lana, errekuperaio lan bat zen, beste ezer baino lehen. Kantatzeko era herrikoi baten errekuperatzearekin batera -kanta zaharrak ere jasoz-, hizkuntzaren eta herri kontzientziaren errekuperazioa. Kanta, nola edo hala borrokarekin lotzen da. Herri batek irauten jarraitzeko zeraman borroka larriarekin, hain zuzen". 1972. urtean, Ez Dok Amairu taldea desegin zen; Letek, ordurako emazte zuen Lourdes Iriondorekin batera, kantagintzan jarraitu zuen. 

1968an argitaratu zuen Letek lehen poemategia eta 2009ko urriaren 27an bere azken Egunsentiaren esku izoztuak poesia-liburuagatik Euskadi Literatura Saria eman zioten. 2005. urtean, kolpe latza jaso zuen; bere emazte Lourdes Iriondoren heriotza gaixotasun baten ondoren. 2009ko apirilean Jakiunde, Zientzia, Arte eta Letren Akademiaren kidea ("jakituna") izendatu zuten eta 2010ean, ohorez euskaltzain izendatu zuten. Urte berean hil zen, abenduaren 4an, gaixotasun baten ondorioz eta egun ospitalean larri egon eta gero. 




No hay comentarios:

Publicar un comentario